Azaroaren 25ean Emakumearen aurkako bortizkeriaren Nazioarteko eguna gogoratzen da eta egun horren inguruan, Leitzaldeko Bilgune Feministak ere zenbait ekitaldi antolatu ditu azaroaren 25ean eta 26an.
Azaroaren 25ean, ostiralean, goizeko 11:15ean “Indarkeria sexistaren aurrean, guk/zuk zer egin dezakegu/zu?” izeneko mahai informatiboa jarrito da institutuan eta elkarretaratzea eginen da. Eta 12:00etan mahai informatiboa herriko plazan jarrito da. Arratsaldeko 19:00etan elkarretaratzea eginen da Lopene atarian, Bilgune Feministak deituta.
Azaroaren 26an, larunbata, 10:00etatik 14:00etara eskolako gimnasioan Emakumeentzako Autodefentsa Feminista txokoa, tailerra eta luntxa izanen dira. Bilgune Feministatik ohartarazi dutenez, luntxarako norberak zerbait ekarri dezala, denakin elkarbanatzeko.
Zer da autodefentsa feminista?
Emakumeon arteko elkartasuna eta antolakuntza abiapuntu izanda, autodefentsa feministak bide lagun ditu: indarra, babesa, autoestima eta konfiantza. Hein batean, emakumeok bizi dugun zapalkuntzaren aurrean, hartzen dugun jarrera da Autodefentsa Feminista. Bizitzeko jarrera, gorputzarekiko adierazpen anitzetan azaleratzen dugun jarrera, ahotsarekin eta begiradekin iradokitzen dugun jarrera, norberaren ezagutza eta mugak argi adierazteko baliagarri den jarrera da.