Leitzako helduen bertso eskolak bere 10. urteurrena ospatu zuen azaroaren 18an, joan den ostiralean, bertso-poteoarekin eta Leitza eta Lesakako bertso eskolen arteko desafioarekin.
Arratsean bildu eta bertso poteoan Julen Zelaieta aritu zen, Leitzako Helduen Bertso-Eskolako kideekin batera. Joseba Zabaleta, Mikel Azpiroz, eta Zili Barberia aritu ziren poteoan, eta Musunzar ostatuan, etxeko nagusia den Joxe Mari ere aritu zen bertsotan eskolako kideekin batera.
Poteoan eta Gaztetxean egindako afari-merenduaren ondoren bertso desafioa hasi zen. Ez zen jende gehiegi bildu baina oso giro polita sortu zen. Gai-jartzailea Julen Zelaieta izan zen, eta Lesakatik Xabier Terreros, Ioar Tainta eta Iosu Sanjurjo aritu ziren, eta Leitzatik, Zili Barberia, Iñigo Gorostartzu eta Miel Mari Elosegi.
Desafio bizia izan zen, eta Julenek bertsolariz gain, gai-jartzaile bikaina ere badela erakutsi zuen. Bukaeran txalometroak erabaki behar zuen garailea nor zen. Azkenean berdinketa izan zela erabaki zen, eta datorren urtean Lesaka aldean desenpatea jokatzeko erronka bota zuten lesakarrek. Leitzarrek baiezkoa emana dute.