Martí i Pol poeta kataluniar ospetsuaren liburu bat euskaratu du Joxemari Sestorainek

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 9a

Joxemari Sestorain «Marta Maitea» liburua eskuetan duela. Utzitako argazkia

Joxemari Sestorain herritarrak poema-liburu bat argitaratu du Cenlit Denonartean­ argitaletxearen eskutik. Zehazki, Miquel Martí i Pol poeta kataluniar ospetsuaren Estimada Marta euskaratu du, Marta Maitea izenburupean. 2003an hil zen poeta hau oso ezaguna da, hain­bat argitalpen egiteaz gain, sari andana jaso zituelako. Lluis Llachek ere bere poema asko musikatu izan ditu, baita Maria del Mar Bonet, Ramon Muntaner, Veneno, Teresa Rebull, Vidres a la Sang eta Paco Muñozek ere.

Duela 27 urte, Maiatz aldizkarian poeta­ honen poema batzuk argitaratu ziren Jose­ba Sarrionandiak itzuliak eta horiek izan ziren Sestorainek irakurri zituen kata­lunia­rraren lehen poema euskaratuak. «Literatu­ra­ pixka bat begiratzen genuenontzat inte­resgarria izan zen», azaldu dio TTIPI-TTAPAri. Geroztik gehiago iraku­rri zituen. Orain­ dela 24-25 urte, Estimada Marta­ liburua erosi zuen eta 2009ko ilbel­tzean, berriz, liburua itzultzeari ekin zion. «Zergatik­ ez es­perimentatu?», pentsatu omen zuen eta hala egin zuen. Urte hartan ­udara­ko­ itzulia omen zuen eta beste bi urte zuzentzen eta argitaletxe bila joan zaizkio: «poesia argitaratzea zaila da eta poesia itzu­lia argi­taratzea ezinezkoa. Asko saiatu naiz argitaletxeekin», azaldu digu.

41 urterekin, poeta kataluniarrari esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten eta zazpi urte geroago hasi zen liburu hau idaz­ten. «Liburu hau gaitzaldi horri buelta ema­te­ko­ ga­raian idatzia da, onarpen proze­su­­ bat», argitu di­gu Sestorainek. Hitzau­rreaz gain, hiru poema-multzo ditu: Urteu­rre­ne­ko zazpi poema, Su-burdina­ eta Marta Maitea. Sestorainek xehetasun gehiago­ eman dizkigu: «lehenbizikoan, ironiaz begiratzen­ dio pasatu duen sufri­men­du­­ edo prozesu horri, onartu egiten du. Zazpi poema dira eta lehenbizikoetan tristura nabarmena bada ere, gero gorako bidea har­tzen du. Biga­rren­ poema saila ziklo bat da eta bere­ poetika ageri da. Hitzak zein ga­rran­tzi­tsuak­ diren esaten digu eta maitasu­naren gaia azaltzen digu. Hirugarren partea­ sexu ha­rreman baten istorioa da, hau ere ziklikoa». Liburua azaroaren 22an aurkeztuko du jendaurrean, Iruñeko Auzolan liburu-dendan. 19:30etik aurrera errezitaldia eginen du­te. Poemen katalunierazko bertsioa irakurriko da lehenbizi eta euskarazkoa gero­.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun