Azken urteetan bezala, San Martin eguna ospatuko da Aranon. Aurten, azaroaren 12an, larunbatean izango da hain zuzen.
Arratsalde beteko festa izaten da eta aurtengoan, Iñigo Olaziregiren Euskal Herriko ugaztunen oinatzak erakusketa egongo da udaletxeko ganbaran. Gure herriko hainbat ugaztunen oinatzak, ezaugarriak eta beraien bizilekuari buruzko informazioa emango da erakusketan.
Hala ere, beste erakusketa bat ere osatu nahiko genuke urteroko moduan zuen laguntzarekin. Etxean dituzuen Aranori buruzko argazki zahar, polit edota kuriosoak atera kajoitik eta eraman Kontsejura ahalik eta azkarren. Zuen laguntza ezinbestekoa da!
Festarekin jarraituz, 18:00etan elkartean, herriko sendabelarren eta etxeko erremedioen inguruko tertulia dago antolatuta. Horretarako, herritarrek beraien etxe inguruetan dituzten sendabelarrak ekartzeko eskatu dute antolatzaileek. Honela, ahoz aho, jakintza eta tradizioa zabaldu nahi dituzte ohitura zaharrak ahazten utzi gabe. Gainera, Bordaxarko Kontxik eta Beltsoko-Bordako Maria Jesusek patas ukendua eta enplasto desberdinak egingo dituzte. Animatu zuen erremedio eta truku naturalak ezagutzera ematera!
Ilunabarrean, talo jatea egingo da urteroko moduan. Aurtengoan, ordea, arto-irina eta sagardoa herrikoak bertakoak izango dira, Ezkerren-Bordako Pellok eskainiak.