Bukatu dira Goizuetako Madalena baselizako zaharberritze lanak, eta larunbat honetan, azaroak 5, ospatu zen mezan aldare berriaren bedeinkapena ere egin zen.
Aurretik, goizean Umore Ona Abesbatzak aurorak abestu zituen udaletxeko gorapean, euria gustora ari baitzuen eta ezin izan zuten kalez kale ibili.
Madalena baselizako inaugurazioa ospakizun hunkigarria ian eta jendea pozik gelditu zen. Goizuetako parrokiako apaiza, Goizuetako seme diren bi apaizak, Leitzako abadeak eta Goizueta inguruko Gipuzkoako herrietako apaiz batzuk lagundu zioten Mikel Gartziandiari, mendialdeko bikarioari, meza ematen eta aldare berria konsagratzen. Baselizako solairupean dauden hilobien bedeinkapenarekin hasi zen elizkizuna, eta 9 difuntuen hausterreak sartu ziren haietan.
Mezara hurbildu zirenek aipatu dutenez, “giro alaian eta bihotza ukitzen dituzten kantekin” lagundu zuen Umore Ona Abesbatzak meza guzian eta horrela segitu zuen ondorengo hamaiketajkoan eta bazkaltzeko tenorea arte.
Bi urtez obratan
Obrak 2009ko udazkenean hasi ziren eta bi urte hauetan, egurrezko teilatupe osoa berritu da. Hala, sabai laminatuek liraintasuna ematen diote baselizari. Intsektuak akabatzeko tratamendua ere eman da eta erretaula eta bere irudiak moldatzeko lan haundiak egin dira. Aldarea, eserlekuak eta ateak ere berriak dira. Horrez gain, XVI. mendeko ateen dintel molduratuak, leihoak eta paretak moldatu dira eta lurzoruko lauzen azpian, zenduen hausterrek ehortzeko nitxo berriak egin dira. Gisa berean, atariko galtzadako harriak agertu dira eta burdinezko hesiaz itxi da plaza. Bukatzeko, iparraldeko paretan tximistorratza paratu da.
Lan hauek guztiak 430.000 euro kosta dira; eta erretaula eta irudien moldaketan 38.000 euro joan dira. Nafarroako Gobernuak 7.321 euroko dirulaguntza eman du, Nafarroako Kutxaren Zuk aukeratu, zuk erabaki ekimenaren bidez, 3.224,08 euro lortu dira eta Plazeneko familia zenak 419.500 euro eman ditu.
Historia pixka bat
Santa Maria Magdalena eta San Lazaro Ospitale eta Baseliza da bere izen osoa. Ospitalea pobre, eri, erromes eta aterpe behar zutentzat zen eta baselitza, berriz, elizkizunetarako, herriko prozesioetarako eta behar zenean eliz nagusiaren ordezkapenak egiteko erabiltzen zen. XVI. mendearen hasieran, esaterako, goizuetarrak Magdalenako baselitzan elkartzen ziren herri batzarrak ospatzeko. Erretaula, bere aldetik, XVIII. mendekoa da, barroko estilokoa eta Gurutze Santua, tamaina handikoa bera, gotikoa, XV. mendekoa. Magdalena, Doloretako Amabirjina eta Lazaro Santuen irudiak, berriz, XVIII. mendekoak dira. Uste denez, Silvestre de Soria eta Juan Martin de Andrés eskultore ospetsuen lanak dira. Eta gaineko irudiak Xabierko Franzisko, Loiolako Inazio eta Kamilo santuenak izan daitezke. Limosnetik, Elamako ola eta etxe eta lur batzuei kobratzen zizkieten errentatik mantentzen ziren ospitalea eta baselitza. Udaletxearen ardurapean zegoen Magdalenako Patronatoa. Mayordomo batek kontuak eraman eta zorrak kobratzen zituen. Serora bat zegoen ospitalearen kargu, eta kapilau bat elizaren arduradun. XIX, mendearen erdi arte mantendu zen gobernatzeko modu hau.