Leitzako Udalak Espainiako armadaren presentzia Leitzalarrea inguruan eta bertan egiten ari diren maniobrak salatu nahi izan ditu, Oier Eizmendi alkateak sinatutako ohar baten bidez. Oharrak dioenez, “egun hauetan, Leitzako lurretan ari dira maniobra militarrak egiten, Udalari deus jakinarazi gabe, inongo baimenik gabe eta herritarren artean arriskua eraginez. Udalak kasualitatez eta hainbat herritarrek egindako deiei eta salaketei esker izan du honen berri”.
Leitzako Udaletik ohartarazi dutenez, “Espainiako armadaren presentzia militarra izugarria da gainera: dozenaka militar ongi armatuta oinez, anbulantzia, kamioiak eta beste ibilgailuak...”.
Gauzak horrela, “Leitzatik eta Euskal Herritik joateko” exijitu nahi dio Udalak Espainiako armadari. “Hemen ez dute tokirik euren gerra-jolasek. Gainera, egun Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko itxaropentsuan ez dago inondik inora justifikatuta euren presentzia militarra”.