Bukatu dira Goizuetako Maddalen baselizako zaharberritze lanak, eta larunbat honetan, azaroak 5, 11:00etan izanen den mezarekin batera, eginen da aldare berriaren bedeinkapena. Aurretik, goizean Umore Ona Abesbatzak aurorak abestuko ditu kaleetan barna eta meza ondoren, luntxa izanen da.
Obrak 2009ko udazkenean hasi ziren eta bi urte hauetan, egurrezko teilatupe osoa berritu da. Hala, sabai laminatuek liraintasuna ematen diote baselizari. Intsektuak akabatzeko tratamendua ere eman da eta erretaula eta bere irudiak moldatzeko lan haundiak egin dira. Aldarea, eserlekuak eta ateak ere berriak dira. Horrez gain, XVI. mendeko ateen dintel molduratuak, leihoak eta paretak moldatu dira eta lurzoruko lauzen azpian, zenduen hausterrek ehortzeko nitxo berriak egin dira. Gisa berean, atariko galtzadako harriak agertu dira eta burdinezko hesiaz itxi da plaza. Bukatzeko, iparraldeko paretan tximistorratza paratu da.
Lan hauek guztiak 430.000 euro kosta dira; eta erretaula eta irudien moldaketan 38.000 euro joan dira. Nafarroako Gobernuak 7.321 euroko dirulaguntza eman du, Nafarroako Kutxaren Zuk aukeratu, zuk erabaki ekimenaren bidez, 3.224,08 euro lortu dira eta Plazeneko familia zenak 419.500 euro eman ditu.
Historia pixka bat
Santa Maria Magdalena eta San Lazaro Ospitale eta Baseliza da bere izen osoa. Ospitalea pobre, eri, erromes eta aterpe behar zutentzat zen eta baselitza, berriz, elizkizunetarako, herriko prozesioetarako eta behar zenean eliz nagusiaren ordezkapenak egiteko erabiltzen zen. XVI. mendearen hasieran, esaterako, goizuetarrak Magdalenako baselitzan elkartzen ziren herri batzarrak ospatzeko. Erretaula, bere aldetik, XVIII. mendekoa da, barroko estilokoa eta Gurutze Santua, tamaina handikoa bera, gotikoa, XV. mendekoa. Magdalena, Doloretako Amabirjina eta Lazaro Santuen irudiak, berriz, XVIII. mendekoak dira. Uste denez, Silvestre de Soria eta Juan Martin de Andrés eskultore ospetsuen lanak dira. Eta gaineko irudiak Xabierko Franzisko, Loiolako Inazio eta Kamilo santuenak izan daitezke. Limosnetik, Elamako ola eta etxe eta lur batzuei kobratzen zizkieten errentatik mantentzen ziren ospitalea eta baselitza. Udaletxearen ardurapean zegoen Magdalenako Patronatoa. Mayordomo batek kontuak eraman eta zorrak kobratzen zituen. Serora bat zegoen ospitalearen kargu, eta kapilau bat elizaren arduradun. XIX, mendearen erdi arte mantendu zen gobernatzeko modu hau.