Bazkideen hamalau baja eta hiru alta izan dira aurten ehiza elkartean

TTIPI TTAPA 2011ko urriaren 27a

Ez da uso denboraldi hasiera ona izan eta ehiztariak ez daude sobera konfor­me. Mendian omen dabiltza, baina ez omen dute deus ere ikusi. Horrela adierazi zigun Joseba Aierdi Ehiztarien Elkarteko lehendakariordeak denboraldi hasieran. Joan den urteko sasoia ere ez zen sobera ona izan ehiztarientzat, eta Aierdiren irudiko, «aurtengoa bide beretik hasi da, txa­rragoa ez bada...». Urtetik urtera «gero eta uso gutxiago» pasatzen direlakoan dago lehendakariordea, eta horren ondorioz, «jendea aspertzen ari dela» uste du.

Beharbada horrek ere izanen du zerikusia bazkideen bajaren goraka­dan. Izan ere, urteetan bazkideen alta gehiago izan dira, baina iaz baja­ gehiago izan ziren eta aurten ere ber­dina gertatu da. Aurten guztira, ha­malau baja izan dira eta hiru alta.

Uso, basurde zein oilagorretan ibiltzen diren 400 bat ehiztarik osa­tzen dute gaur egun elkartea, eta horietatik 337 dira usoetan ibiltzen direnak. Joan den hilabete honda­rrean egindako zozketarekin erabaki zen bakoitzak zein postu izanen duen denboraldi honetan.

 

Junta berritua

Joan den maiatzean berritu zen Ehiztarien Elkarteko Zuzendaritza Ba­tzordea. Aurretik karguetarako boluntarioak aurkezteko deialdia egin zen, baina inor aurkeztu ez zela ikusita, elkarrekin hitz eginez zortzi­ laguneko taldea osatu zuten orain zuzendaritzan daudenek. Horrela, hauek dira batzordeko kideak: Jose Migel Largo Arraras lehendakaria da, Joseba Aierdi Barriola lehendakariordea, Fermin Lizarraga La­rraz idazkaria, Dionisio Lazkano Vi­llanueva diruzaina eta bokalak Rafa­ Alkaraz Astigarraga, Juan Lara Genba, Jose Mª Alduntzin Perurena eta Agustin Aranburu Villanueva.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun