Sarriopapelen aurkezteko 50 emakumeen kurrikulumak bildu dira Leitzan

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 2a

Emakumeen kontratazioaz batzarra egin zen urriaren 28an Aurreran, Bilgune Feministak eta LABek deituta. Utzitako argazkia

Lantegi honetan 20 kontratu egin ziren udan, horietatik 7 emakumeenak

Leitzaldeko Bilgune Feministak eta LAB sindikatuak elkarlanean maiatzean martxan jarritako kurrikulum bilketak argi erakutsi du herriko emakumeek herrian egin nahi dutela lana. Bilketan, 50 kurrikulum inguru jaso zituzten eta hauek, Sarriopapel y Celulosa lantegiko zuzendaritzari entregatu zizkioten.

Leitzaldeko Bilgune Feministak eta LAB sindikatuak elkarlanean maiatzean martxan jarritako kurrikulum bilketak argi erakutsi du herriko emakumeek herrian egin nahi dutela lana. Bilketan, 50 kurrikulum inguru jaso zituzten eta hauek, Sarriopapel y Celulosa lantegiko zuzendaritzari entregatu zizkioten.

Urtetako aldarrikapen eta lanak izan du emaitzarik, Bilgune Feministaren eta LABen iritziz, “eta bidean ekimen ugari, lana eta esfortzua daude: artean, eskubideen inguruko emakume batzarra, propaganda eta ideologizazio lana, herri eragileen, sindikatuaren eta herritarren arteko lankidetza, eta baita, sindikatuaren aldetik Sarriopapeleko zuzendaritzarekin negoziazio esfortzua, borondate politikoa eta denbora. Beraz, leitzarron arteko elkartasunak, antolakuntzak eta borrokak ekarri gaitu gauden tokira!”.

Izan ere, udan 20 izan dira Leitzako lantegi handienean egindako kontratuak eta hauetatik, 7 emakumeak izan dira. Beraz, oso balorazio positiboa egin dute, “herrian urtetan emakumeak diskriminatu gaituen lantegian emakumeak kontratatu dituztelako. Baina, argi adierazi nahi dugu, hutsuneak badaudela, hain zuen ere, kontratu erreleboetan, orain arte zazpi egin dira eta hauetatik bi soilik izan dira emakumeonak. Espero dugu urtea amaitzerako emakume gehiagori egitea kontratu erreleboa”.

Leitzaldeko Bilgune Feministak eta LABek jakinarazi dutenez, “lanean jarraituko dugu enpleguari dagokion honetan, leitzar guztiak eskubide eta aukera berdinak lortu arte: kalean zein lantegian”. Azken honetan, langile batzordeak eskaera bat egin berri dio lantegiko zuzendaritzari martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren arabera, 250 langiletatik gorako enpresetan, zehaztuta dagoen bezala Berdintasun Plan bat egiteko eta honen jarraipenerako berdintasun batzorde bat sortzeko baliabideak jarri ditzan. Batzorde hau, langileen ordezkariek eta zuzendaritzako langileak osatuko dute. Eskaera honetan, motxean hauxe eskatzen da: Berdintasun Plana martxan jartzeko bitartekoak sortzea, prozesu honetan langileen ordezkaritza egotea, Berdintasun Planaren inguruko aplikazioak zuzenean negoziatzen ari den Lan Hitzarmenean txertatzea eta kontratazioetarako irizpide moduan Europako Batasunean zehaztuta dagoen %60-%40 portzentajea erabiltzea.

Honela bada, Bilgune Feministak eta LABen oharra bukatzeko ageri denez, “garaipen txikiek osatuko dituzte garaipen handiak, segi dezagun parekidetasunaren alde lanean, elkartasuna eta lankidetza oinarri izanda”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun