503 kizkirekin marka guztiak erraz hautsi ditu Goizuetak

TTIPI TTAPA 2011ko urriaren 13a

Plazan jarria zegoen eremura adin guztietako 503 lagun sartu ziren beraien kizkiekin. Rosa Olaizola

Halere, antolakuntzak marka «ofiziala» 400 kizkitan utzi du

Markak hobetu ez ezik, erraustu ere egin dituztela esan daiteke. Izan ere, aurreko edizioetako errekorrak (Astigarragan 311 kizki eta Oiartzunen 354) aisa gain­ditu zituzten goizuetarrek urriaren 1ean egin zen hirugarren Kizki Egunean. 503 kizki sartu ziren horretarako pres­tatutako eremuan, baina heldu den urtean Hernanin eginen den laugarren ediziorako erron­ka handi xamarra izanen zelakoan, 400 kizkitan jarri dute marka «ofiziala».

Goizetik jendetza handia bildu zen herrian, eguraldi bikaina lagun. Aurreko egunetan guztira 400 kizki saldu ziren baina horrez gain, norberak bere etxetik eramandako kizkiekin ere plazaratu ziren adin guztietako herritarrak.

Kontaketa egin ondotik, marka berria ospatzeko sagardoa txo­txetik edan zen eta gero,­ herri bazkari jende­tsua izan zen. Arratsaldean, sagardogintzarekin zerikusia zuen herri kirol desafioa jokatu zen eta horretan Astigarragak duen ofizioa nabarmen gelditu zen, Astiga­rragako taldea nagusitu baitzen. Ondotik sail­katu ziren Oiartzun eta Goizuetako bi taldeak.

Trikitilariek herriko kaleetan egindako kale­jirarekin bukatu zen Kizki Egunerako iragarritako ekitaldiak, ez, ordea, parranda.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun