Leitzako udal igerilekuetako ura epeltzeko helburuarekin eguzki-plakak erosi ditu Leitzako Udaletxeak. Halaxe onartu du udal batzarrak eta datozen asteetan jarriko dituzte panelak araztegiko terrazan. Tresna hauen kostua 18.941 eurokoa da. Nafarroako Gobernuak %30a ordainduko du eta gainerakoa Leitzako Udalak.
Oier Eizmendi Leitzako alkateak jakinarazi duenez, “igerilekuen zerbitzua hobetzeaz gain, energia berriztagarriak bultzatu nahi ditugu ekimen honen bidez”. Panelak laister jarriko badira ere, heldu den udan ikusiko da bere lana ongi betetzen duten, orduan irekiko baitira igerilekuak.
Aipatzekoa da joan den maiatzaz geroztik udaletxeko terrazan ere 18 eguzki-panel jarriak daudela. Plaka hauek argindar sarera lotuak daude eta pantaila batzuen bidez, uneoro sortzen duten argindarra ikusten ahal da. Panel horien truke 23.000 euro ordaindu zituen Udalak eta Nafarroako Gobernuak %10 ordaindu zuen.