Astigarragak 311, Oiartzunek 354, Goizuetak 355 baietz! Horixe izanen da larunbat honetan, urriak 1, eginen den Kizki Eguneko erronka. Kizki Egunaren hirugarren edizioa ospatuko da Goizuetan eta kizkiarekin sagarrak biltzeko bildu nahi da jendea. Horren aitzakian, egun osoko ospakizuna antolatu da.
11:00etan azoka zabalduko da eta sagarra eta sagardogintzarekin zerikusia duten produktu eta tresneria ikusgai izanen da plazan.
12:00etan Kizki erronka abiatuko da. Aipatu bezala, Oiartzunek iaz lortu zuen 354 kizkiak baino gehiago biltzea da asmoa. Kizkiak hiru eurotan egonen dira salgai eta baserritarren zapiarekin eta zapelarekin joateko deia egin dute antolatzaileek. Giroa alaitzeko plazan Umore Ona dantza taldea, txalapartariak eta musika izanen dira. 13:00etan kizki kontaketa eginen da. Goizuetarrak baikor daude eta dagoeneko aurreratu dute errekor berria ospatzeko sagardoa edanen dela txotxetik. 14:30ean bazkaria eginen da. Bazkarirako txartelak 16 eurotan egonen dira salgai eta 14 urtez azpikoena 10 eurotan. Kizkia eta bazkarirako txartela 18 eurotan eskura daiteke. Txartelak Amaia kafetegian salgai (948 514242).
Bazkalondoan, 17:30ean sagardogintzako herri kirol desafioa jokatuko da Oiartzun, Astigarraga eta Goizuetaren artean. 19:00etan trikitilariak ibiliko dira herriko kaleetan barna, Kizki Eguna bukatzeko.