«Urian pasiak». Horrela izan dira aurtengo Santio luzeak Julio Soto bertsolari gazteak bertsotan ederki adierazi zuen bezala.
Santioetan suspenditu ziren ekitaldiak burutzeko asmoz irailaren 17an festen luzapen bat egitea erabaki bazen ere, eguraldiak oraingo honetan ere ez zuen abagune handirik utzi.
Goizeko pilota partidak jokatu ziren frontoia zerrautsaz eta ahal zen bezala lehortu ondoren eta Goizueta nagusitu zen Aranoarren aurretik. Ondoren bertsolariek aterrune batean hasitako saioa euritan bukatu zuten, eta arratsaldeko puzgarri eta herri kirolak berriz ere atzera bota behar izan ziren euria zela eta.
Honen guztiaren ondorioetako bat zera da: aranoarrek, horrelako kasuak errepika ez daitezen soluzio bat behar dutela, eta askoren ahotan entzun den soluzio hori frontoi estaliarena izan da.