Pestetako txupinazoaren harira, Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zituen Oier Eizmendi alkatea eta Saioa Iraola eta Lurdes Juantorena herritarrak, «terrorismoari gorazarre» egitea egotzita. Irailaren 8an hartu zioten deklarazioa Madrilen eta orain epaiaren zain daude.
Hiru herritarrek jasotako babesa eskertu nahi izan dute: «ikaragarria, zoragarria eta ezinbestekoa izan da: hiruak, burua tente, irribarre txikia ahoan eta bihotza lasai Audientzia Nazionalera joateko». Baina aldi berean, gertatutakoa salatu dute: «pesten hasierako ekitaldiak zoragarri joan baziren ere, hurrengo egunean komunikabideetan ezjakintasunetik kontatutako kronika irakurtzeko aukera izan genuen. Kronika hau Yolanda Barcinak eta Diario de Navarrak elkarrekin prestatutako Leitzaren eta herritarren kontrako eraso berri bat izan zen, gertatutakoa itxuraldatu eta euren interesen arabera erabiltzeko», diote hiru lagunek prentsara bidalitako idatzian. Komunikabideetatik berriak jaso eta hortik hiru egunetarako jaso omen zituzten zitazioak eta hori «onartezina» dela diote. «Honek argi erakusten du komunikabide gehienak indar politikoen menpe daudela». Bide batez, «deklaratu aurretik eta ondoren jasandako intoxikazio mediatikoa» salatu dute.
Oier Eizmendi alkateak TTIPI-TTAPAri adierazi dionez, «gertatu den guztia nahiko aspergarria eta nekagarria izan da, festetako egunak ere nekagarriak izan ziren, zure izena eta aurpegia egunero prentsan ikustea ez da erraza izaten, gauza berdinak behin eta berriz azaltzea ere nekagarria izaten da, baina zorionez horrelako gauzekin ez naiz asko urduritzen eta kontua nahiko lasai eramatea lortu dut». Momentu «gogorrak eta zailak» izan direla aitortu digu, eta orain epailearen erabakiaren zain dauden honetan, berri gehiago izan arte ez bueltarik ematea erabaki omen du: «alferrik baita zure buruan kontu berari bueltaka aritzea erabakia zure esku ez dagoenean».
Eizmendik argi du «dena muntatu duten zirku mediatikoaren ondorio izan dela». Gaineratu digunez, «Bilduk lortutako emaitzak batzuentzat benetan mingarriak izan dira eta nondik edo handik Bilduren aurka egiteko beharra daukate, eta oso garbi geratu da gure aurka egiteko egunkarietan atera ziren itxuraldatutako berriak izan dituztela oinarri. Helburu politiko batzuekin idatzitako berriak izan ziren txupinazoaren ondorengo egunean azaleratu zituztenak eta epaiketak ere bide beretik jarraitu du».
Horrekin batera zera esan digu: «ez nuke aipatu gabe utzi nahi herri honen izatea apurtzeko batzuek daukaten grina, eta presoenganako herri honek duen elkartasuna delitu dela jendartean sinistarazteko gogoa. Baina jakin dezatela ez dutela lortuko».
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.