Eguraldiak ez zuen askorik lagundu Iskibi kanpineko Euskal Jaian, baina ez zuen horregatik giroak hutsik egin. Aurreikusitako jokoak ez ziren egin eguraldi txarragatik, baina eguerdiko talo jatea giro ederrean joan zen, dultzainero eta trikitilariek alaituta. Arratsaldean asto lasterketa egin zen herriko bi gazte eta kanpineko bi langileren artean. Fernando eta Xumar aritu ziren alde batetik, eta Dabid eta Jose Manuel bestetik. Azkenean, esprint baten ondotik bi herritarrak nagusitu ziren. Euskal Jaiarekin batera itxi zuten denboraldia kanpinean eta hurrengo urtean segitzeko asmotan direla adierazi digute arduradunek.