Pestetako txupinazoaren harira, Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zituen Oier Eizmendi Leitzako alkatea eta Saioa Iraola eta Lurdes Juantorena herritarrak, «terrorismoari gorazarre» egitea egotzita. Irailaren 8an hartu zioten deklarazioa Madrilen eta orain epaiaren zain daude. Jaso duten babesa eskertu nahi izan dute inputatutako hiru leitzarrek eskutitz baten bidez.
Hiru herritarrek jasotako babesa eskertu nahi izan dute: «ikaragarria, zoragarria eta ezinbestekoa izan da: hiruak, burua tente, irribarre txikia ahoan eta bihotza lasai Audientzia Nazionalera joateko». Baina aldi berean, gertatutakoa salatu dute: «pesten hasierako ekitaldiak zoragarri joan baziren ere, hurrengo egunean komunikabideetan ezjakintasunetik kontatutako kronika irakurtzeko aukera izan genuen. Kronika hau Yolanda Barcinak eta Diario de Navarra egunkariak elkarrekin prestatutako Leitzaren eta herritarren kontrako eraso berri bat izan zen, gertatutakoa itxuraldatu eta euren interesen arabera erabiltzeko», diote hiru lagunek prentsara bidalitako idatzian. Komunikabideetatik berriak jaso eta hortik hiru egunetarako jaso omen zituzten zitazioak eta hori «onartezina» dela diote. «Honek argi erakusten du komunikabide gehienak indar politikoen menpe daudela». Bide batez, «deklaratu aurretik eta ondoren jasandako intoxikazio mediatikoa» salatu dute, «berriro ere testuingurutik ateratako esaldi hutsalei garrantzia eman baitiete».