Igande honetan ospatuko da Iskibi kanpineko Euskal Jaia Goizuetan

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 16a

Herri kirolek ez dute hutsegingo aurtengo egitarauan ere. Artxiboko argazkia

Herri kirolak, taloak eta musikak osatuko dute egitaraua

Goizuetako urteko festen artean, gero eta indar haundiagoa hartzen ari den Iskibiko Euskal Jaia igande honetan, irailak 18, izanen da. Urtero bezala, hainbat ekitaldi izanen dira eta guztiak kanpinean.

Eguerdian hasiko da festa. 12:00etatik aurrera dultzaineroek alaituko dituzte kanpineko bazterrak. Ondoren, 13:00etan, herri-kirolak izanen dira eta ordubete beranduago, 14:00etan, talo jatea eginen da herriko talogileen eskutik; taloa hirugiharra, txistorra, gazta eta txokolatearekin eskainiko da. Sagardoa, ardoa, kafea edo koparik ere ez da faltako.

Arratsaldean, 17:00etan toka txapelketa jokatuko da eta 18:00etan Bonatxok giroa alaituko du, bere soinu eta abestiekin.

 

Txartelak

Euskal Jai honetan parte hartu nahi duenak Amaia kafetegian edo Iskibin berean eskuratu ahalko ditu, 16 eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun