Udan Santioak ospatzeko modu handirik ez zen izan aurtengoan Aranon, eguraldi txarrak erabat zapuztu baitzituen aurreikusitako ekitaldiak. Baina ez dira horregatik ospatu gabe geldituko Santioak eta larunbat honetan, irailak 17, egingo dira orduan egin gabe gelditu ziren ekitaldiak.
11:00etan hasita bi pilota partida jokatuko dira. Alde batetik, gaztetxoen artean, Mujika eta Apezetxea, Altsua eta Apezetxearen kontra ariko dira. Bigarrenean, ohiko Goizueta eta Aranoren arteko partida eginen da. Aranotik Huizi eta Lizeagak jokatuko dute eta Goizuetatik Apezetxeak eta Narbartek.
12:30ean bertsolarien txanda izanen da eta bertso saio bikaina prestatu dute. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Unai Agirre ariko dira bertsotan. Beraz, Euskal Herriko txapelduna eta azpitxapelduna, Nafarroako txapelduna eta Hernaniko bertso eskolako ordezkaria izanen dira taula gainean.
15:30ean haurrentzako puzgarriak izango dira eta 17:30ean herri kirolen txanda izanen da. Iparraldeko jokoak egingo dira. Aizkolariak ere ariko dira, Atutxa eta Nazabal, hain zuzen. Horrez gain, bost metroko altueran Felix Etxeberria ariko da egurrarekin lanean. Harriarekin, berriz, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a ariko da. Iluntze aldera trikitixa izango da festari amaiera emanez.