Kale eta auzoen izen ofizialak onartu ditu Udalak

TTIPI TTAPA 2011ko ira. 14a, 17:39

«Leitzako kaleen eta auzoen izenen erabilera nahikoa nahasia, eta hainbat kasutan okerra dela» iritzita, auzi hori ordenatzeko eta ofiziali­zatzeko asmoz, Euska­ra Zerbitzuak proposamena egin zion Euskara Batzordeari, eta hor aztertu ondotik, proposamen hori Udalari egin eta honek onartu egin du.

Euskara Zerbitzuak dionari ja­rraiki, hauek dira auzo eta kaleen izen egokiak: Arkiskil auzoa, Erasote auzoa, Erreka auzoa, Gorriztaran auzoa, Sakulu auzoa, Amazabal kalea, Azku kalea, Elbarren kalea, Elgoien kalea, Lizarraga kalea, Manuel Lasarte kalea, Okillin kalea, Patxi Arra­zola kalea, San Jose kalea, Done Mikel kalea, Leitzala­rreko errepidea, Landa behekoa kalea eta Uharte Gotzaina kalea.

 

Bost izen eztabaidatuak

Zalantzak sortu eta eztabaida eragin dezaketenak azken bost izenak izan daitezkeelakoan, azalpenak ere eman ditu Euskara Zerbi­tzuak­: San Jose eta Done Mikelen inguruan, Euskaltzaindiaren 125. arauan oinarritu dira izena zehazteko. «Arau horretan esaten denez, euskara baturako San/ Santa erabiltzen da normalean, baina badira bestelako tradizioa duten izenak, Dona eta Done erabiltzen dutenak. Jose izenaren kasuan ez dago gisako tradiziorik, eta beraz, San Jose behar luke. Done Mikel izenak, berriz, badu tradizio hori, eta egokia da hori erabiltzea», adierazi dute Euskara Zerbitzutik. Leitzalarreko errepidearen kasuan, Leitzalarrea eta Leitzelarrea biak ere erabiliak dira, baina idatzirakoan Lei­tza erabiltzen delako, Lei­tzalarrearen alde egin da. Herriko toponimia biltzen duen Leitza. Toponimia eta mapagin­tza liburuan, Landa behekoa forma ageri da, eta jasotako tradizio zaharrena hori denez, ho­rren hautua egin da.

Uharte Gotzainaren kasuan, Huarte abizenaren euskarazko forma normalizatua erabiliko da, eta horrekin batera, gotzain, Euskal­tzain­diaren hiztegian hartzen duen forma hori delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun