Alkateari eta inputatutako beste bi herritarrei babesa agertu diete herritarrek

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 14a

Hainbat herritar bildu zen hilaren 6an inputatuei babesa adierazteko egindako prentsaurrekoan. Utzitako argazkia

Egindako kanpaina salatu du Udalak

Pestetako egitarauan euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa iragartzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak Oier Eizmendi alkatea inputatu du eta berekin batera, Saioa Iraola eta Lurdes Juantorena­ ere bai, txupinazoan Jone Lozano presoaren argazkidun kamiseta janzteagatik «terrorismoa goratzea» leporatuta.

Joan den ostegunean, irailak 8, deklaratzekoak ziren hiru inpuntatuak Madrilen, baina bitartean he­rri­ta­rren babesa etengabea izan da: Udalak herriaren eta hiru auzipetuen aurka eragindako kanpaina mediatiko-politikoa sala­tu zuen irailaren 6an egindako ez-ohiko ba­tza­rrean. Auzipetuei elkarta­suna adierazteaz gain, eraba­teko babesa ema­tea erabaki zuen eta ondorioz, bere gain hartuko ditu bai babes juridiko-teknikoa, bai kostu ekonomikoa nahiz bes­telako gastuak.

Horrez gain, hainbat arlotako eragile ugari bildu ziren plazan, auzipetuei babesa ematera eta «pesta bez­peran egin ziren presoen aldeko elkartasunaren agerraldiak kriminali­zatuz batera, herriaren irudia osotara manipula­tua ematen ari direlako». Eragileen arabera, «hemen egon ez eta, egun horretan plazan eta udaletxean gerta­tu zenaren bertsio osotara nahastu, gezu­rrez­ko eta interesatuak hedatu dituzte; hemen sekulako guda ba­tean bizi bagina beza­la; elkarbizitza ezinezkoa izanen balitz bezala».

Eragile hauen esanetan, «inoiz izan badira, aurtengo pestak izan dira lasaiak, inolako liska­rrik gabekoak eta jendea patxadaz ibili dena». Eragileek bere babes osoa eta laguntza eskaini nahi izan zieten «asmatutako auzi honetan gertatzen ari zaien injustizia honen aurrean».

Hilaren 8an, berriz, deklaratzeko egunean, bi or­duko lanuztea eta el­ka­rretara­tzeak egin ziren­.

Inpuntatuei babesa agertu dietenen artean daude: Aurrera Elkartea, IKA, Kornieta Elkartea, AAM, ALKE, Marmari, Mendigorria elkartea, Sa­harar He­rriaren aldeko elkartasun taldea, To­rrea elkartea, Jeiki abesbatza, Liñoputzu ehoziri­ elkartea, Gaz­te Asanblada, Gazte independentistak, Mu­ttur bero elkartea, Karra­pe Irratia, Atekabeltz elkartea, Bilgune Feminista, EHNE, Erral­doien konpartsa, txalapartariak, LAB, dan­tzariak, pilota eskola, kirol-joko taldea, Mendibil mendi-taldea, Aurrera futbol-taldea, Perra zaldi-taldea eta norbanako ezagunok: Iñaki Perurena, Oinatz Bengoetxea, Jose Luis Huarte, Jon Kan­flan­ka, Ibai Bengoe­txea, Iñaki Agirre, Abel Barriola, Maite Perurena, Aimar Sagastibeltza, Pa­tziku Perurena, Ruben Astibia, Iera Agirre, Asier­ Olaizola, Mikel Ilarregi, Joxton Olaetxea, Aitor Zabaleta, Iker Alduntzin, Josu Erbiti, Zuriñe Odrio­zola, Maria Jesus Ariztimuño, Junkal Otxotorena eta Teresa Martinez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun