Eguraldi bikaina eta giro ederra izan zen irailaren 11n Leitzako Talo Egunean. Hainbat ekitaldi izan ziren eta horien artean, bereziena, talo lehiaketa. Aurtengoan, Iruñeko Ander Irizar suertatu da garaile eta 100 euro eta oroigarria eskuratu ditu, “betiko errezeta, baina forma ezberdineko dekorazioa” zuen talo batekin.
Bigarren saria Ylenia Villabona leitzarrak eskuratu zuen eta hirugarrena Maite Bereziartua azpeitiarrak. Ondotik sailkatu ziren Euge Berriola, Izaskun Sarasa eta Adriana Nagorek aurkeztutako taloak. Epaimahaian Irati Barandiaran, Julian Zabaleta eta Koro Makatzaga izan ziren.
Baina talo lehiaketaz gain, bertze hainbat ekitaldi izan ziren Talo Egunean. Honela, txikienek taloa egiten ikasteko tailerra izan zuten eta horregatik, baserriko animaliak eta lan tresnak ikusteko aukera izan zen plazan. Villabona eta Saralegi familiek taloak saldu zituzten eta Leitza eta Lekunberriko jatetxeek, taloa oinarri zuten platerak aurkeztu zituzten: Talo torrija egin zuen Musunzarrek, talo hanburgesa Peritzak, talo tarta Beatrizeneak, talo-brotxeta Txokok eta taloa gaztain saltsarekin Elostak.