Irailaren 8an, ostegun goizeko 11:00etan hasi dira deklaratzen Auzitegi Nazionalean Oier Eizmendi Leitzako alkatea eta txupinazoan parte hartu zuten Saioa Iraola eta Lurdes Juantorena herritarrak. "Terrorismoa goratzeagatik" inputatu dituzte hirurak; alkatea, Santiburtzio pestetako egitarauan euskal presoen aldeko topa antolatzeagatik eta beste biak txupinazoan preso baten argazkia kamisetan eramateagatik eta euskal presoen aldeko mezua zabaltzeagatik. Deklaratu ondotik, auzibideak aurrera segituko duela jakinarazi du epaileak.
Nafarroako EAko presidente eta Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezek salatu du Oier Eizmendi Leitzako alkatearen aurkako inputazioa "koalizioaren ibilbidea zikindu nahi duen muntaia" dela. "Akusazioek ez dute ez hanka ez buru" esan du Ramirezek, "jazarpen eta muntaia hauekin lortzen duten gauza bakarra da euskal jendartearen eskubide zibil eta sozialen aurkako eraso edo indarkeriak lekurik ez duen prozesu atzeraezin bati trabak jartzea".
Nafarroako Gobernuari eta Estatuko erakundeei eskatu die egoerak eskatzen duen mailan egon daitezela eta akusazio faltsuak egiteko garaiak iraganerako utz ditzatela.