Leitzako Santiburtzio pestetako txupinazoan ETAri gorazarre egitea leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte ostegun honetan Oier Eizmendi alkatea, Leitzaldeko Bilgune Feministako Saioa Iraola eta Lurdes Juantorena herritarra. Hori salatuz eta auzipetutako hiru leitzarrei babesa emanez, hainbat ekitaldi eginen dira aste honetan, “Utzi pakean Leitza” lelopean.
Honela, irailaren 6an, astearte arratsaldean ez ohiko udal batzarra egingo da Udaletxean. Irailaren 7an, asteazken arratseko 20:00etan kontzentrazioa eginen da herriko plazan eta ostegunean, hiru herritarrak Madrilera deklaratzera joan beharko duten egunean, lan uztea deitu da eguerdiko 12:00etatik 14:00etara.
Hiru leitzarren aldeko plataformak herriaren kontrako erasoak salatu dituzte eta idatzian aipatu dutenez, “argi dago herri honen izaera ez dutela gustoko, presoenganako elkartasuna kriminalizatzea dela haien helburua eta baita Euskal Herriaren aldaketa politikoan urratsak ematea galaraztea ere. Jai dute baina!”.