Oraindik bi hilabete baino gehiago gelditzen badira ere, herriko gazteak burubelarri dabiltza Gazte Asanbladaren XX. urteurreneko festa haundia prestatzen. Eguna zehaztu dute: azaroaren 12an izanen da. Baina ez hori bakarrik, egitarauaren berri ematen ere hasi dira.
Xehetasun guztiak aurrerago emanen ditugu, baina jakin, egun osoko festa izanen dela: 20 urte iruditan argazki erakusketa, 20. urteurreneko graffitia eta argazkia, herri bazkaria, elektrotxaranga, ekitaldi nagusia eta gauean kontzertuak. Punta-puntako taldeak gonbidatu dituzte Gazte Asanbladako kideek: Des-kontrol, Bongo Botrako, Esne Beltza eta 3gabe2 taldeek joko baitute frontoian. DJ Bull, berriz, Gaztetxean ariko da.
1991n hasitako bidea merezi bezala ospatzeko egitarau ederra.