Dena prest dago igande honetan, irailak 4, eginen den Aresoko Mendi Martxarako. Aurtengoa laugarren aldia izanen da eta aurrekoetan bezala, plazatik abiatuko da, 08:00etan.
Mendizaleek 23 kilometro eta 1.250 metroko desnibela duen ibilbideari egin beharko diote aurre. Bitarte horretan, plazatik aterata, Urteaga (606 metro), Ulizar (867 metro), Merkuzelai (720 metro), Urkiza (850 metro), Pagozelai (705 metro) eta Guratzen barna (955 metro) pasako dira plazara berriz ailegatu aurretik. Mendi martxaren iraupena lauzpabost ordukoa izanen da.
Izen-ematea
Izen-ematea aurretik (irailaren 1a azken eguna) eta egun berean egiten ahalko da: eguna baino lehen 948 604545 telefonoan, kirolmank@gmail.com-en edo www.mendizmendi.com-en egin daiteke. Bost euro ordaindu beharko da. Egun berean, berriz, 07:00etatik 07:45era izanen da apuntatzeko aukera, 10 euro ordainduta.
Ibilbidearen bukaeran, paella, sagardoa, opariak eta zozketak izanen dira.