Uharte Arakilgo Geinbera zelaian jokatu zen atzo, Nafarroako Artzain Zakur Txapelketaren 44. edizioa eta bederatzi artzain aritu ziren lehian, tartean eskualdekoak aunitz: Antonio Alustiza aresoarra Ttiki eta Bat zakurrekin, Joxe Mari Ixtilart amaiurtarra eta Lagun, Pedro Ansa aranoarra eta Jai, Jorge Oteiza oronoz-mugairiarra eta Azeri eta Josetxo Billabona leitzarra eta Argi. Guztien artean, azken urteetan jaun eta jabe den Antonio Alustiza aresoarra atera zen garaile.
Nafarroako bere hamabigarren txapela jantzi berria du aresoarrak eta horrez gain, azken zortzi urteotan jarraian bera izan da nagusi. Horietatik seitan Ttiki zakurra izan du ondoan, txapelketaren 44. edizioan bezala. 427 puntu eta 200 euroko lehenbiziko saria eskuratu zituen atzo Alustizak, eta horrekin batera, Bat txakurrarekin, bigarren saria ere bai, 424 puntu eta 145 euro. Orain, irailaren 18an Atxondon (Bizkaia) jokatuko den Euskal Herriko Artzain Zakur Txapelketan izanen da.
Amaiurko Jose Mª Istilart hirugarren gelditu zen, Lagun zakurrarekin (412 puntu eta 135 euro); Pedro Ansa aranoarra eta Jai bere zakurra laugarrak izan ziren sailkapenean (187 puntu eta 100 euro); Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza eta Azeri bosgarren (174 puntu eta 95 euro) eta Josetxo Billabona eta Argi zortzigarren (43 puntu). Antonio Uharte, Jesus Mari Errazkin eta Jabier Fernandez izan ziren parte hartu zuten bertze artzainak.
Bertze sarituak
Artzain Egunaren barne, bertze hainbat lehiaketa ere egin ziren eta sarituetako aunitz eskualdekoak izan ziren.
Ardi latxaren esnearekin egindako Nafarroako XXX. gazta lehiaketan, erraterako, Jose Jabier Sestorain leitzarran zazpigarren gelditu zen eta Urdazubiko Manuel Bengoetxea zortzigarren. Horrenbertzez, urrian jokatuko den Euskal Herri mailako txapelketan Nafarroa ordezkatuko dute.
Nafarroako ardi latxaren esneki errendimenduaren XXVIII. lehiaketan, mutur zuriko ardietan, Juan Jose Irungarai azpilkuetarra nagusitu zen eta Manuel Bengoetxea urdazubiarra hirugarren gelditu zen. Mutur zuriko bildotsetan, berriz, bigarren gelditu zen Juan Jose Irungarai azpilkuetarra eta hirugarren Manuel Bengoetxea.
XXVIII. ardi latxaren lehiaketa morfologikoan, mutur zuriko bildotsetan, hirugarren saria Iturengo Isidro Baztarrikarentzat izan zen eta mutur beltzeko bildotsetan, ARizkungo SC Irigoien izan zen nagusi.