Aranoko Añarbe urtegian hanka hautsitako hernaniar bat erreskatatu dute

TTIPI-TTAPA 2011ko abuztuaren 4a

Abuztuaren 4an, ortzegun goizean gertatu da istripua

64 urteko hernaniar bat erreskatatu dute abuztuaren 4an, ortzegun goizean, Aranoko Añarbe inguruan erori eta berna-hezurra hautsi ondotik. Añarbeko Mankomunitateko langile batek, urtegiko presa inguruan lanean ari zela 08:53an deitu du SOS Navarrara, laguntza eskatzen zuen pertsona baten oihuak aditzen zituela adierazteko. Goizuetako eta Leitzako suhiltzaileak hurbildu dira Añarbera, baita Nafarroako Gobernuko helikoptero bat eta anbulantzia.

Helikopteroan zeudenek 09:44 aldera ikusi dute istripua izana zuen pertsona presa ondoko zuhaizti batean, malda handian eta Goizueta eta Hernani lotzen dituen errepidetik 150 bat metrora. Bertaratu eta zauritua helikopteroz eraman dute Miramonera eta handik anbulantzian Donostiako Ospitalera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun