Joan den urteko ekaitzek egoera kaxkarrean utzi zuten Leitzatik Leitzalarreko basora doan errepidea. Zehazki, bide erdian bide puska bat erori zen euriteen ondorioz eta bidea ia ezin zitekeen erabili.
Errepidea lehenbailehen moldatu beharra zegoen, baina gastu handia zen eta Udalak ezin zuen bere gain hartu. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departementuari laguntza eskatu zitzaion eta bien bitartean, bidean hesiak eta beste segurtasun neurriak jarri ditu Udalak.
Orain, Nafarroako Gobernutik dirulaguntza izanen dela jakimarazi dute eta duela hiru astetik lanean hasiak dira. Lanen aurrekontua 63.000 eurokoa izanen da eta udalaren eta Nafarroako Gobernuaren artean ordainduko da. Herriko Joarbe eskabazio enpresa arduratu da lana egiteaz.
Lanak abudo xamar bukatuko direla espero da, baina eguraldi kaxkarrak behin eta berriz atzeratu ditu. Lanak bi zati izanen ditu. Alde batetik, joan den urteko euriteek hondatutako harri-lubetaren ordez berria eginen da eta, bestetik, kaltetuen suertatu diren errepide zatiak moldatuko dira, bai bizilagunek, baita inguru horretara doazen bisitariek eragozpenik izan ez dezaten.
Urteko bigarren inbertsiorik handiena
Leitzalarreko errepidearena da aurten Leitzako Udalak egin duen bigarren inbertsiorik handiena. Lehenbizikoa, Iberoko dorrea erostea izan zen, 200.000 euroren truke. Leitzako Udalaren asmoa, Ibero ingurua birmoldatu eta publikoari zabaltzea da. Joan den urteko kontuak 683.148 euroko saldoarekin bukatu zuen Leitzako Udalak eta horri esker, aurrekontuan aurrikusiak ez zeuden lan eta ekimenak egin ahal izan ditu.