Txapelez ongi hornituak etorri dira herriko kirolariak

TTIPI-TTAPA 2011ko uztailaren 21a

Sukuntza eta Baraibar, txinga eramate txapelketa ondotik Diario Noticias

Rekondo, Urrutia eta Sukuntza txapeldun

 

 

Urtero bezala, herri kirolean Nafarroako hain­bat txapel erabaki dira Iruñeko Sanferminetan. Uztailaren 10ean Nafarroako bikotekako aizkolari txapelketa jokatu zen eta Nazabal eta Rekondo leitzarra gailendu ziren, Larretxea aita semeak eta Lopez-Senosiainen aurretik. 60 ontzako sei kanaerdiko ebaki behar zituen bikote bakoitzak eta azkeneko bi enborretan Rekondo eta Nazabalek aurre hartu zuten, garaipena eskuratuz. Bigarren postua lortu zuten Lopez-Senoiain bikoteak eta hirugarren egin zuten Larretxea aita semeak izan ziren.

Egun berean, Nafa­rroako gurdi altxatze txapelketan Josetxo Urru­tiak irabazi zuen. Hiru itzuli eman zuen 170 kiloko karroarekin. Lazaro Bujanek ere parte hartu zuen. Aipatzekoa da harrijasotze txapelketan ere azpitxa­pel­dun izan zela Urrutia.

Gizonezkoen txinga erute txapelketan bi lei­tzar izan ziren aurrez aurre uztailaren 12an, Miguel Angel Sukun­tza eta Patxi Baraibar. Ahalik eta plaza gehien egiten behar zituzten esku banatan 50 kiloko txin­gak hartuta. Sukuntzak 17 plaza 1/4 eta 4,80 metro egin zituen. Baraibarrek aldiz 10 plaza gutxiago egin zituen, guztira zazpi plaza 1/4 6,10 metro osatuz.

Jon Kanflanka azpitxapeldun

Euskadiko Sega Txapelketako finala jokatu zen Oiartzungo Pikoketan uztailaren 10ean. 2009an bezala, Lizaso asteasuarrak jantzi zuen txapela, 5.451 kilorekin. Iaz bezala txapel­dunorde geratu zen Jon Kanflanka segalari lei­tzarra 306 kiloko gu­txiago ebaki zituen. Mikel Alkorta izan zen hirugarren eta Arkaitz Arteaga laugarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun