Martxoan, Jone Lozano aresoarraren atxiloketa salatzeko deialdia egiten zuen kartela jartzeagatik hiru leitzar identifikatu zituen Guardia Zibilak eta apirilean Joneren euskal herriratzea eskatzeko argazkia jartzeagatik beste hiru. Hauei denei eginbideak ireki dizkiete. Uztailaren 5ean, sei gazte hauetatik hiruk, adin txikikoak hirurak, Madrileko Audientzia Nazionalean Adingabekoen Salara deklaratzera joan behar izan zuten terrorismoari gorazarre egitearen akusaziopean.
Leitzar talde batek ezagutzera eman duen idatziak dioenez, «behin eta berriz kriminalizatzen gaituzte, baina Leitzan dagoen elkartasunak errepresioa garaituko du. Elkartasuna balore indartsua da, kriminalizatua eta zigortua izateko. Euskal Herrian beti izan da elkartasuna injustizia bizi duenarentzat».
Euskal presoen argazkien «sorgin ehiza honetan», presoen bizi baldintzen salaketa,delitu bihurtu dituztela ere aipatu dute. «Argazkiak aitzakitzat hartuz, euskal presoekiko elkartasuna gure herriko txokoetatik ezkutatu nahian sei gazte auzi bidean jarri dituzte», diote.
Guardia Zibilen aldetik «Leitzako gazteen kontrako jazarpen itsua eta kriminalizazio saiakera hau» ere salatu nahi izan dute.
«Euskal Herrian bake eta justizia egoera batera iristeko urrats garrantzitsuak eman direnean», Leitzako herritar hauek bere kezka agertu nahi izan dute herriko sei gazte hauen kontrako akusazioengatik, eta eginbideak bertan behera uztea eskatu dute.