Beti ongi dago garai bateko ohiturak berreskuratzea. Herrian, galduta zegoen udazkeneko azienda feria berreskuratu zen duela urte batzuk eta ikusi besterik ez da egin behar urtez urte izan duen arrakasta. Galdutzat eman zitekeen beste aspaldiko ohitura bat, Karmen bezperako ospakizuna berreskuratzeko lehen urratsa eman zen joan den ostiralean. Herriko kultur talde ezberdinek bultzatutako herri ekimenaren bidez, herri afaria egin zen plazan. Lagun talde bakoitzak bere otordua eraman zuen eta afalondoan, suaren gainetik saltoka ibili ziren herritarrak giro ederrean, San Juan bezperan bezalaxe.
Garai batean aski ohitura errotua zen Karmen bezperako suarena eta baserrietan, hazitako arbiaren zurtoina erretzen omen zen. Ostiraleko arrakasta ikusita, berreskuratze bidean dago ohitura.