Leitzako Gorriztaran auzoko eguna ospatuko da igande honetan, ekainaren 19an.
10:00etan Meza izanen da eta ondotik aizkolarien saioa: Ruben Saralegi eta Eneko Saralegi, Jon Rekondo eta Mikel Zabaleta. Proba bereziak ere izanen diraeta nahi duenak, joku moduan parte har dezake. Umeentzako jokuak ere izanen dira.
14:00etan auzo bazkaria izanen da Basakabin eta jatetxean bertan erosten ahal dira txartelak. Helduek 40 euro ordaindu beharko dute eta umeek 15 euro. Prezio horren truke, menu bikaina izanen da: sarrerako hotz moduan, urdaiazpikoa eta arrain puding-a eta sarrerako beroetan, kroketak, kalamarrak, txanpinoiak saltsan, vieira gratinatua…; arrain zoparen ondotik, bildots-beso errea patatekin eta postrerako, hojaldre-tarta eta krema txokolate beroarekin izanen da. Horrekin batera, kafea, kopa, farias, ogia, ardo beltza eta gorria eta ura ere izanen da.
Bazkalondoan, 17:00etan XXIII. Mus txapelketa jokatuko da. Bikoteak 10 euro ordaindu beharko du. 19:00etan hasita gauerdira bitarte dantzaldia izanen da Angel Agerralderekin. 20:00etan XXII. Txintxurrin txapelketa jokatuko da. 20:30ean zozketa eginen da. Besteak beste Saloun bi pertsonentzako astebeteko egonaldia, Donostiako La Perlan tratamendua, emakume nahiz gizonezkoentzako erloju bana, Bixigarri saskia, Iruñeko La Perla hotelean bi afari, DVD eramangarria, maskaradako produktu kutxa, Kapritxon 100 euroko balea, Musunzarren bi afari, Edergunen Ayuslomi masaje bat, MP4 bat eta sorpresak zozketatuko dira.
Ondotik txokolatea izanen da denentzat eta trikitilariek egun osoa alaituko dute.