Ekainaren 11n, larunbata, Leitzako III. Sagardo Eguna ospatu zuten ALKE kultur taldeak antolatuta. 18 sagardotegietako sagardoak dastatzeko aukera izan zuten bertara hurbildu zirenek. Eguraldi ona lagun, plaza azkar bete zen arratsaldeko 18:00etatik aitzinera.
Aurreko urteetan bezala, antolatzaileek tiket sistema erabili zuten sagardoa saltzeko. Edalontziko hiru euro ordaindu behar zen eta horrekin zortzi sagardo trago hartzeko tiketak ematen ziztuzten. Horrez gain, herriko tabernek prestatutako pintxoak probatzeko aukera ere izan zuten.
Guztira 600 sagardo edalontzi saldu ziren, aurreko urteetan baino gehiago eta 1.512 sagardo botila banatu ziren. Sagardoaz gain, trikitilariak, bertsolariak eta txalapartariak izan ziren Leitzako plazan arratsaldean.
Bezperan sagardo dastaketari buruzko hitzaldian izan zirenek ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan zuten. Dastaketa berezia egiteko aukera izan zuten, Guillermo Castaño enologoa, Unai Agirre Gipuzkoako sagardogileen elkarteko idazkaria eta Gabriel Lizeaga, Lizeaga sagardotegiko nagusiaren eskutik.