Hiru itzuli handietatik bitako etapa nagusiak irabazi ondotik ongi merezitako omenaldia jaso zuen Mikel Nievek sorterrian maiatzaren 30ean. Leitzako Udalak egindako deialdiari hainbat herritarrek erantzun zioten eta udaletxeko karrapea jendez gainezka zegoen ospakizunean. Lehenik, bere lagunek herriko txirrindulari elkartearen maillotak jantzita arkua egin zioten gurpilekin. Arkuaren azpitik pasatuta, Joseba Sagastibeltzak Aurreskua dantzatu zion Nieveri.
Solasaldien txandan, Jon Arangoa zinegotziak zorionak eman zizkion izandako emaitzengatik eta Xabier Zabalo jarduneko alkateak txapela jarri zion, leitzar guzien izenean. Gero, Miel Mari Elosegi Luze eta Jose Luis Barberia Zili bertsolariek txirrindulariaren lana goraipatu zuten bertsotan. Herriko txirrindulari gazteenek zurez egindako Euskal Herriko eskudoa oparitu zioten eta Jose Luis Larraldek Mikel Nieve bera txikitan agertzen zeneko argazki bat oparitu zion. Bere lagun taldearen izenean, Eneko Anduezak lore-sorta eskaini zion. Nievek emozioz eta txanpaina irekiz eskertu zuen herritarrek eskainitako ongietorria eta «horrelako garaipen gehiago herrira ekartzeko gogoz» dagoela azpimarratu zuen.