Coneglianon hasi eta Gardeccia-Val di Fassan bukatu zen Italiako Giroko hamabosgarren etapa. Itzuliko saiorik menditsuena izan zen, etapa erregina ere deitua eta 230 kilometroko ibilbidea zuena. Eta helmugara ailegatzen lehena nor izanen eta Mikel Nieve (Leitza, 1984) izan zen.
Euskaltel-Euskadi taldean ari da leitzarra eta maiatzaren 22ko etapan 07.27.14ko denbora egin zuen. Hasieratik jarri zen aurrean Nieve baina oso etapa borrokatua izan zen. Garzellirekin ibili zen lehian, honek alde egin zuenean minutu bat pasara egon zelako Euskaltelekoa atzetik. Azkeneko mendatean, ordea, harrapatu eta helmugara artean aldea handituz joan zen Leitzako gaztea.
Maiatzaren 29an bukatu zen Giroa eta sailkapen nagusian hamaikagarren gelditu zen Nieve, txapeldunarengandik 16 minutu eta 18 segundora.
Giroko etapa irabazita, bigarren garaipena eskuratu du profesionaletan. Joan den urtean Espainiako Vueltako etapa bat irabazi zuen, Kantabriako Cotobello mendatean amaitu zena, hain zuzen.
Orbea-Oreka SDA taldearekin egin zuen debuta profesional mailan Mikel Nievek 2008an eta 2009. urteaz geroztik Euskaltel-Euskadi taldean dabil.