12 eta 16 urteko gazteei aisialdirako aukera berria eskainiz, Guraso Elkarteak Gazte-Txokoa jarri zuen abian duela zenbait hilabete. Geroztik hainbat izan dira egindako jarduerak. Dagoeneko egin du bere lehenengo denboraldia eta emaitzarekin pozik gelditu dira: «balorazioa positiboa da. Hainbat ekintza antolatu dira eta herrian harrera ona izan du», adierazi digu Guraso Elkarteko lehendakaria den Igor Elizegik. Azken txanpan sartuak diren arren, oraindik ere izanen dira ekitaldi gehiago.
Ostiral honetan, ekainak 10, merendola eginen da, eta larunbatean, hilak 11, mendi buelta megalitikoa eginen da 09:00etatik 12:00etara, Gaztetxekoen eskutik. Arratsaldean, denbora librerako tartea izanen da eta igandean, pin pon txapelketa jokatuko da.
Ekainaren 17an, mahai jokoak eginen dira eta hilaren 18an Iberora egun pasa antolatu dute. Bazkaltzeko bakoitzak berea eraman beharko du. Ekainaren 19an, igandea, eginen da denboraldiko azken festa. Merendola eta diaporama izanen dira.
Heldu den ikasturteari begira, Gazte Txokoarekin segitu nahi dute gurasoek: «gure asmoa aurtengo programa baino landuagoa eta anitzagoa izatea da eta posible bada jende gehiago inplikatzea gure proiektuan». Halaxe azaldu digu Elizegik eta ea baduten nahia egi bihurtzeko aukera.