Leitzara bueltan herritarren omenaldia jaso du Mikel Nieve txirrindulariak

TTIPI TTAPA 2011ko eka. 2a, 12:05

Mikel Nieve, herriko txirrindulari elkarteko maillota soinean zuten lagunminez inguratua. Utzitako argazkia

Udalaren eta herritarren ongietorri beroa “emozioz” hartu du maiatzaren 30ean

Hiru itzuli handietatik bitako etapa nagusiak irabazi ondotik ongi merezitako omenaldia jaso zuen Mikel Nieve txirrindulari leitzarrak sorterrian maiatzaren 30ean, astelehen gauean. Leitzako Udalak egindako deialdiari hainbat herritarrek erantzun zioten eta udaletxeko karrapea jendez gainezka zegoen ospakizunean.

Hiru itzuli handietatik bitako etapa nagusiak irabazi ondotik ongi merezitako omenaldia jaso zuen Mikel Nieve txirrindulari leitzarrak sorterrian maiatzaren 30ean, astelehen gauean. Leitzako Udalak egindako deialdiari hainbat herritarrek erantzun zioten eta udaletxeko karrapea jendez gainezka zegoen ospakizunean.

Hasiera batean, arratseko 20:00etarako deitua zegoen ekitaldia, baina nonbait errepidean istripuren bat izan zelako, atzeratu egin zen protagonista eta gaueko 22:00ak aldera egin zioten ongietorria. Lehenik, bere lagunek herriko txirrindulari elkartearen maillotak jantzita arkua egin zioten gurpilekin. Arkuaren azpitik pasatuta, Joseba Sagastibeltzak Aurreskua dantzatu zion Nieveri.

Solasaldien txandan, Jon Arangoa zinegotziak zorionak eman zizkion izandako emaitzengatik eta Xabier Zabalo jarduneko alkateak txapela jarri zion, leitzar guzien izenean. Gero, Miel Mari Elosegi Luze eta Jose Luis Barberia Zili bertsolariek txirrindulariaren lana goraipatu zuten bertsotan. Herriko txirrindulari gazteenek zurez egindako Euskal Herriko eskudoa oparitu zioten eta Jose Luis Larraldek Mikel Nieve bera txikitan agertzen zeneko argazki bat oparitu zion. Bere lagun taldearen izenean, Eneko Anduezak lore-xorta eskaini zion.

Nievek emozioz eta txanpaina irekiz eskertu zuen herritarrek eskainitako ongietorria eta «horrelako garaipen gehiago herrira ekartzeko gogoz» dagoela azpimarratu zuen.

Joan den urtean, Espainiako Vueltako etapa nagusia irabazi zuen, Asturiasko Cotobellon eta aurten, Italiako Giroko gogorrena eta adituen ustez, txirrindularitzan inoiz egin den gogorrenetakoa, Coneglianon hasi eta Gardeccia-Val di Fassa artean. Kasik 7 ordu terdi bizikleta gainean eman ondotik irabazi zuen saioa leitzarrak. Gainera, hamekagarren izan da sailkapen nagusian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun