Zabalik dago Leitzako udako tailerretan izena emateko epea, maiatzaren 30era arte, astelehena, eman daiteke izena. Uztailaren 4tik 29ra egingo dira lau txanda desberdinetan banatuta.
Haurrak bi mailatan banatuta egongo dira, batetik haur hezkuntzako haurrak eta bestetik lehen hezkuntzakoak. Herriko haurrek lehentasuna izango dute izena emateko orduan.
Haurren artean parte hartzea eta aisialdiaz gozatzeko modu desberdinak erakustea izango dute helburu udako tailer hauek.
Informazio gehiago nahi izanez gero edo zalantzak argitzeko Leitzako gizarte edo euskara zerbitzura jo behar da.