Buruz buruko txapelketako finalerdia jokatuko dute igandean Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.ak

Ttipi-Ttapa 2011ko mai. 27a, 13:08
Bengoetxea VI.ak eta Olaizola II.ak finalerako txartela dute jokoan igandean.

Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko dute partida

Berriz ere Leitza eta Goizueta aurrez aurre jarri ditu pilotak. Aldi honetan Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea izanen dira protagonistak, igande honetan, maiatak 29, Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko den lehian. Eskuz Banakako Txapelketako finalerdia izanen da. Neurketa honetan erabakiko da dagoeneko finalerako txartela eskuratua duen Xalaren aurkaria zein izanen den final haundian.

Pilota aukeraketa

Ortzegunean, maiatzak 26, egin zituzten bi pilotariek pilota aukeraketak. Goizuetarrak 105,8 eta 105,2 gramoko pilotak aukeratu ditu eta leitzarrak 106,1 eta 104,5koak. Aukeraketaren ondotik, “horrelako materialik aspaldi ez zuela izan” adierazi zuen Bengoetxea VI.ak: “frontisetik guttiago ateratzen dira, lurrean ibiltzen dira eta efektu gehiago hartzen ditu. Besteak baino bote gutxiago egiten du. Larruazal gogorragoa du. Nire pilotak dira, betidanik gustatu izan zaizkidanak".

Goizuetarrak, bere aldetik, “pilota politak” zirela esan zuen leitzarrak bereizitakoei buruz, baina "horrelako pilotak binakako partidetan ere jartzen direla”. Bere piloten inguruan, “gehiago ateratzen direla eta ez direla motelak” argitu zuen. “Ez nuke esanen, bereak nireak baino biziagoak direnik”, gaineratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun