Aspalditik Areson baseliza izan da: Uliko Santa Kruz eta Amabirjinaren Subsidioa izenekoa. Egun askotan prozesioan joaten ziren herritarak bertara. 1752an Pablo Etxeberriari 80 erreal ordaindu zitzaizkion santokristoren irudia urrez margotzeagatik. Baina eguraldi txarraren eta haizeteen ondorioz erori egin zen.
1838ko abuztuaren 1ean, baimena eman zuten Santa Kruz egunez prozesioak egiteko eta urte horretako apiriletik maiatzera konponketa batzuk egin zituzten joaten zen jendearentzat arriskurik ez egoteko.
1849ko maiatzaren 13an betirako desagertu zen baseliza eta urte berean Santa Kruz eguneko meza herriko elizan egin zen.
Urte bereko ekainaren 1ean, Udalak gotzaitegira gutuna idatzi zuen: «Aresoko bailaran bazen Santa Kruz eta Amabirjinaren Subsidioa ermita, non mezaren otordu Santua ospatzen den. Baina orain urak eta haizeteak hondatu dute eta ezin dugu altxatu duen kokaleguagatik. Oso toki altuan baitago eta ahaleginak egin arren alferrikakoa izanen litzateke bere horretan mantentzea. Horregatik beste bat eraikitzeko baimena eskatzen dugu, izen berarekin Arinbeko parajean». Severo Adrian gotzainak baimena eman zuen ermita eraikitzeko. Bi urte iraun zuten obrek eta 1852ko apirilaren 20an, Udalak ermita bedeinkatzeko baimena eskatu zuen eta Santa Kruz egunez bedeinkatu zuten.
159 urte pasatu dira herritarrak bertara joateko ohitura mantentzen dutenetik. Egun horretarako herriko jendeak txukundu eta apaintzen du ermita prozesioan joateko.