Giro ezin hobean joan zen apirilaren 30ean Leitzan egindako Natur Bideen Eguna. Arrakastatsua ere izan zen, 300 bat lagunek parte hartu baitzuten Plazaola Partzuergo Turistikoak, Leitza, Lekunberri eta Larraungo udalen laguntzaz antolatutako ekitaldietan.
Lekunberri eta Leitzako geltokietan hasi ziren ibilbideak eta Uitziko tunelaren hegoaldean elkartu. Tunela gurutzatuz tren txutxua ere ibili zen Plazaolako Natur Bidean barna. Ttikienentzat hirugarren irteera bat ere izan zen, Kitarranbueltan, eta pailazoen konpainarekin Leitzako plazarainoko bidea egin zuten. Behin plazarara ailegatuta, globoglexia eta hainbat jokotan parte hartzeko aukera eduki zuten.
Parte-hartzaile guztiak plazan bildu zirenean, pintxoak eta edariak banatu ziren eta musika eskolatik etorritako trikitilariek ere jaia alaitu zuten. Aurretik tren txutxura igo ez zirenek herritik buelta batzuk emateko aukera ere izan zuten.
Bukatzeko, Mendukilorako lau sarrera, Beigorri parkerako beste lau sarrera, Plazaolako lau kamiseta eta Nafarroako Gobernuko produktuen lau lote zozketatu ziren.
Uitziko tunela
Aurtengo edizioan, garrantzi berezia eman nahi izan zaio Uitziko tunelari. Gainera, Natur Bideen Eguneko zenbait jarduera puntu horretan egin ziren jendeak tunelaz disfrutatzeko. Gisa berean, familientzako prestatutako bi ibilbideak tunelaren hegoaldeko partean ospatu ziren, partehartzaileentzako edariak banatuz. Puntu horretatik atera zen tunela zeharkatu eta natur bidea gurutzatu zuen tren txutxua. Bidaia hori egiteko aukera aurretik izena emandako 60 lagunek izan zuten.