Giro ederra izan zen larunbatean Leitzan, Natur Bideen Egunaren baitan

TTIPI TTAPA 2011ko maiatzaren 3a

Nagusiagoak, Plazaolako Bide Berdean zehar ibili ziren. Utzitako argazkia

300 bat lagunek parte hartu zuten ekitadi ezberdinetan

Eguraldia lagun, Plazaolan barna ospatutako Natur Bideen Egunean 300 bat pertsonek hartu zuten parte larunbatean, apirilaren 30ean. Aurten, Leitzan ospatu zen Natur Bideen Eguna Plazaola Partzuergo Turistikoak antolatuta, Leitzako, Lekunberriko eta Larraungo udalen laguntzaz. Ekintza Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuaren laguntzei esker antolatzen da.

Eguraldia lagun, Plazaolan barna ospatutako Natur Bideen Egunean 300 bat pertsonek hartu zuten parte larunbatean, apirilaren 30ean.

Aurten, Leitzan ospatu zen Natur Bideen Eguna Plazaola Partzuergo Turistikoak antolatuta, Leitzako, Lekunberriko eta Larraungo udalen laguntzaz. Ekintza Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuaren laguntzei esker antolatzen da.

Lekunberriko eta Leitzako geltokietan hasi ziren ibilbideak Uitziko tunelaren hegoaldean elkartzean, tunela gurutzatzen zuen tren txutxuak bere bidaia hasi zuen Plazaolako Natur Bidean barna.

Txikienentzako hirugarren irteera bat ere izan zen, Kitarranbueltan, eta pailazo batzuk izan ziren haiekin Leitzako Plazaraino joan zirenak; behin plazara iritsita, jaia animatzen egon ziren globoflexia eta joko desberdinekin.

Parte hartzaile guztiak plazan bildu zirenean: pintxoak eta edariak banatu ziren, musika eskolatik etorritako trikitilari batzuek jaia alaitu zuten eta aurretik tren txutxura igo ez zirenak herritik buelta batzuk emateko aukera izan zuten orduan.

Bukatzeko, Mendukilorako 4 sarrera, Beigorri parkerako beste 4 sarrera, Plazaolako 4 kamiseta eta Nafarroako Gobernuko produktuen 4 lote zozketatu ziren herriko plazan. Partzuergotik eta Leitza, Larraun eta Lekunberriko udaletxeetatik egun horretan izandako parte-hartzea eta sortutako giro ezin hobea eskertu nahi izan dute.

 

Uitziko tunela

Urte honetan, Uitziko tunelak garrantzia berezia izan izan du, Natur Bideen Eguneko zenbait ekintza puntu horretan egin baitira jendeak tunelaz disfrutatzeko. Era horretan familientzako prestatutako bi ibilbideak tunelaren hegoaldeko partean gauzatu ziren, bertan parte-hartzaileentzako edariak banatuz.

Puntu horretatik ere atera zen tunela zeharkatu eta natur bidea gurutzatu zuen tren txutxua. Bidaia hori egiteko aukera, aurretik izena emandako 60 pertsonek izan zuten. Gogoan hartu behar da, 2680 metroko luzera duen tunel hau izan dela erronkarik handiena natur-bidearen egokipenerako. Gaur egun, Nafarroako Gobernuaren Turismo Departamentuak lagunduta berreskuratzen ari da, aurrekontuaren %60 betez, baita Nafarroako Kutxaren Fundazioko “Zuk aukeratu, zuk erabaki” programaren 10.983. proiektua bozkatu dutenen laguntzari esker ere. Plazaolako lagunei proiektu honi laguntzen segitzeko eskatu zaie, plurianuala delako eta bertan ekintza ezberdinak sartzen baitira (segurtasuna, argiztapena…).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun