380 korrikalari inguruk parte hartu zuten apirilaren 9an Aurrera elkarteak antolatutako Leitzako XXXIII. Herri Krosean, bero itogarriari aurre eginez. Lasterka hasten lehenak gaztetxoenak izan ziren. Gurasoen laguntzarekin, guztira 180 neska-mutiko atera ziren ibilbidea osatzera.
Helduetan marokoarrak
Helduen kategorian, gizonezkoen artean, marokoar jatorriko hiru korrikalarik osatu zuten podiuma. Cherkaoui Mouhsin izan zen helmugara iritsi zen lehen gizonezkoa (00:31:04), Abdelfettah Louajari bigarrena (00:31:13), eta Abdelhadi Habassa hirugarrena (00:31:45).Gizonezkoetan lehenengo iritsi zen leitzarra Iban Urtiaga Munarriz izan zen (00:37:35). Leitzako eta eskualdeko gehiago ere atera ziren lasterka, eta lehen hamar postuetan Alberto Barberena lekaroztarra sailkatu zen, 6. postuan (00:33:40). Gehiago ere atera ziren: leitzarrak, narbartearrak, beratarrak, aresoar eta etxalartar bana...
Emakumezkoetan, aipatzekoa da aurten parte hartzea beste urteetan baino handiagoa izan zela. 44 lagun atera ziren eta horietatik 18 leitzarrak, hiru beratarrak eta Doneztebe eta Ezkurrako bana. Calahorrako Salima Charki izan zen irabazlea (00:18:33). Atzetik ailegatu ziren Rosi Talavera Garcia hendaiarra (00:19:14), eta Lekunberriko Olatz Gonzalez Glaria (00:21:14), hurrenez hurren. Garbiñe Hernandorena Erbiti izan zen helmugaratu zen lehen leitzarra (00:22:25). Bosgarren izan zen.