Beste urte batez, Natur Bideen Eguna eginen da aurten ere Plazaolan. Larunbat honetan, apirilak 30, izanen da eta horren harira, Leitza, Larraun eta Lekunberri arteko ibilbideak antolatu dira. 4, 15 eta 20 kilometroko ibilbideak prestatu ditu Plazaola Partzuergo Turistikoak. Lau kilometroko ibilbidea, haurrentzako planteatutakoa, Kintarranbueltatik Leitzako plazara artekoa da. Lekunberriko geltokitik Leitzako plazara bitartekoa da 15 kilometroko ibilbidea, Uitziko tunelaren hegoaldetik pasatzen dena. 20 kilometroko ibilbideari Leitzako geltokian emanen zaio hasiera, Uitziko tuneleko hego parteraino joanen da eta bertatik Leitzako plazara. Nahi duenak tren txutxuan ibiltzeko aukera ere izango du, Uitziko tunelaren hegoaldetik Leitzako plazaraino joan etorrian ibiliko baita. Bi geltokietan izango du trenera igotzeko aukera larunbatean Plazaolara hurbiltzen denak.