Garraio zerbitzua hobetzeko, Nafarroako Gobernuak egin duen Bidaiarien Herriarteko Garraioaren Plan Integralari alegazioak aurkeztu dizkio Udalak. Udalaren irudiko, garraio pribatuarekiko dagoen menpekotasuna murrizteko garraio publikoa bultzatu beharko litzateke. Nafarroan gaur egun dagoen garraio publikoak «ez ditu gehiengoaren beharrak betetzen eta gehienek norbere ibilgailua hartu behar izaten dute», dio Udalak. Garraioaren Plan Integralak arazo horri aurre egiteko balio beharko lukeelakoan dago Udala, eta bere ustez, «zenbait hobekuntza planteatzen ditu, baina arazoa errotik konpontzeko proposamenik gabe». Gaia Udalen parte hartzerik gabe landu izana ere kritikatu du.
Bost gunetan banatu da Nafarroa eta Goizueta-Leitza zerbitzua Altsasuko guneari dagokio. Horren harira, ordutegia herritarren beharretara egokitu beharko litzatekeela adierazi du, «gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen direlako herrietan eta gestioak egiteko batetik bestera mugitu behar izaten delako».