Asto lasterketa eginen da Txino jaietako larunbatean

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 26a

Gazte Asanbladak bi egunetan antolatu ditu ekitaldiak

Herriko fiesten artean gero eta sona haundiagoa hartzen ari diren Txino auzoko Jaiak maia­tzaren 6an eta 7an ospatuko dira. Beti bezala, egitarau ederra osatu du Gazte Asan­bladak, Udalaren, Umore Ona Elkartearen eta Zubi-Ondo eta Gordea tabernen laguntzarekin.

Ostiralean, maiatzak 6, 20:00etan bertso musikatuak izanen dira Zubi-Ondo tabernan, Unai Gaztelumendi eta Julen Zelaieta bertsolariekin eta Dani Narbarte trikitilariarekin. Eta 21:00­etan mus txapelketan eginen da Zubi-Ondon.

Egunik haundiena, halare, larunbatekoa izanen da, maiatzaren 7koa. 11:00etan txupinazoa edo itxaferoa botako da eta ondoren buruhaundiak eta trikitilariak kalean ibiliko dira. 11:45ean Umore Ona Dantza Taldeak bere saioa eskainiko du eta 12:30ean asto lasterketa eginen da: Txino auzoa eta herriaren arteko lehia izanen da.

14:30ean bazkaria izanen da eta joan nahi duenak Amaia kafetegian erosi beharko ditu txartelak. 18:00etan Bide Batez berbena taldearekin dantzaldia izanen da eta gauean kon­tzertuak Garajean. Bes­teak beste, Bad Sound System taldeak joko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun