380 korrikalari inguruk parte hartu zuten apirilaren 9an Aurrera elkarteak antolatutako Leitzako XXXIII. Herri Krosean, bero itogarriari aurre eginez. Arratsaldeko 16:15ean umeak hasi ziren lasterka. Txikienek gurasoen laguntza izan zuten helmugara ailegatzeko. Guztira 180 umek hartu zuten parte.
Helduetan marokoarrak
Helduen kategorian, gizonezkoen artean marokoar jatorriko hiru korrikalarik osatu zuten podiuma. Cherkaoui Mouhsin izan zen helmugara iritsi zen lehen gizonezkoa, Abdelfettah Louajari bigarrena, eta Abdelhadi Habassa hirugarrena. Gizonezkoetan lehenengo iritsi zen leitzarra Iban Urtiaga Munarriz izan zen. Emakumezkoetan aipatzekoa da aurten emakumeen parte hartzea, beste urteetan baino handiagoa izan zela. Salima Charki izan zen irabazlea. Atzetik ailegatu ziren Rosi Talavera Garcia, eta Olatz Gonzalez Glaria, hurrenez hurren. Ane Egizabal Llata izan zen helmugara iritsi zen lehen emakume leitzarra.