Elkarlanetik jaio, musikatik eraiki! lelopean jaialdi haundia eginen da apirilaren 2an, larunbatarekin, herrian. Herri mugimenduko hainbat taldek elkarrekin antolatu dute ekimena, «etorkizuneko Herrigune izanen den eraikina moldatzeko helburuarekin, besteak beste». Halaxe diote atekarock.blogspot.com atarian.
18:30ean kalejira erreibindikatiboa eginen da herrian barrena eta 19:30ean ekitaldia izanen da Atekabeltz Gaztetxean, Atekabeltz Herrigunearen nondik norakoak azalduz.
20:00etan kontzertu gunea irekiko da. Bertan bokatak izanen dituzte gau osoan, kiroldegi ondoko karpan.
20:30etik aurrera Berri Txarrak, Gose, Su Ta Gar, Vendetta eta Kop taldeek kontzertuak eskainiko dituzte kiroldegian. Kop izanen da kontzertua irekiko duen taldea.
Eta 01:00etan, berriz, Gaztetxean Bad Sound System taldearen txanda izanen da, raga-reggae-ska doinuekin gaztetxea iraultzeko prest. Gaztetxea goizaldera arte zabalik egonen dela iragarri dute.
Aparkalekuak eta autobusak ere egonen dira. Bi autobus zerbitzu jarriko dira: Iruñea-Irurtzun-Lekunberri-Leitza eginen du batek eta besteak Tolosa-Villabona-Andoain-Leitza. Itzulerako zerbitzua ere jarriko dute.