Goizuetan turismoa nondik bidera daitekeen jakiteko Bizibiziki enpresak egindako Turismo Plan Estrategikoa aurkeztu zen martxoaren 22an. Plan honen arabera, kultura, kirola, natura edo hezkuntzarekin lotutako turismoa bultzatu beharko litzateke eta Artikutzara herritik dagoen sarbidea egokitzeaz eta ezagutarazteaz gain, Artikutzaren erreferentzialtasuna Goizuetak izatea proposatzen du.
Gaur egun, Goizueta Nafarroako eskaintza turistikoetatik kanpo kokatzen bada ere, bi elementu agertzen dira Nafarroako elementu turistiko bezala, Goizuetako inauteriak eta pilotaren ibilbidea. Orain artean, turista euskalduna hurbiltzen da, gipuzkoarra eta nafarra, familia edo bikotean etortzen dena autoz, natur turismoaren hartzaileak neurri handi batean. Herrian gastu gutxi egiten dute eta denbora gutxi ematen dute, jateko edo lotarako eskaintza txikia delako.
Kultura, kirola eta naturarekin lotutako turismoa
Artikutzak ekoturismorako aukera bikaina eskaintzen duela eta, herritik Artikutzarako sarrera egokitu eta ezagutarazi egin beharko lukeela ageri da Planean, baita Artikutzaren erreferentzialtasuna Goizuetak izatea ere. Indarguneak, Donostiarekiko gertutasuna eta kultur eskaintza aberatsa dira, baita ostatua sortzeko proiektua, kanpina, natur ingurune erakargarria, ibilbide megalitikoak, bide gorria. Plazaolan sartzeko aukera eta eskualde mailan lan egiteko aukera ere hor dago, beti ere kultura, kirola, natura edo hezkuntzarekin lotutako turismoarekin.
Goizuetako udalak, turismoaren garapena herriarekiko ekintza ekonomiko osagarri bezala ulertzen du, herriaren onurarekin eta beraz, bertako bizi kalitaterako elementu positibotzat. Garapenerako esparrua eskualdea (Mendialdea Mankomunitatea) eta konkretuki Plazaola izanen da eta inguruko beste herri batzuekin ere, Arantza edo Hernanirekin esaterako, ekintza batzuk elkarrekin egiteko aukera aztertu nahi da. Gipuzkoarekiko gertutasuna ere landu beharreko estrategia aukera litzateke, horretarako turismo estilo propioa garatuz eta inguruko herriekiko eskaintza osagarriak eskainiz.