Apirilaren 9an jokatuko da Leitzako Herri Krosa

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 30a

Joan den urteko edizioan 200 parte-hartzaile inguru atera ziren Leitzako krosean. Artxiboko argazkia

Izena egun berean edo aurretik Internetez eman daiteke

Leitzako Aurrera Kirol Elkarteak antolatzen duen eta dagoeneko 33. edizioa duen Lei­tzako Herri Krosa apirilaren 9an, larunbatarekin, jokatuko da. Zazpi kategoriatan banatuta eginen da ibilbidea: benja­min (800 metro), alebin eta infantil (2,5 kilome­tro), kadete (5 kilome­tro mutilek eta 2,5 kilometro neskek), junior (7,5 kilome­tro mutilek eta 5 kilome­tro­ neskek) senior eta beteranoen mailako (10 ki­lo­metro gizonek eta 5 kilometro emakumeek) lasterketak izanen dira.

Abiatzeko ordua ere kategoriaren araberakoa izanen da: benjami­nak 16:15ean aterako dira, alebinak eta infantilak 16:30ean, kadete eta junior mailakoak 17:00etan eta gainerakoak 17:30­ean. Guztiak kale nagusitik abiatu eta plazan helmugaratuko dira.

 

Izen-ematea

Bi modu dituzte lasterkariek izena emateko. Aurretik egin nahi izanez gero, www.herri­kro­ssa. com webgunean, 8 euro­ ordainduta, eta bestela, egunean bertan, 15:30­etik 17:00­etara, 10 euro or­daindu­ta. Aurrerako bazkideei 8 euro kobra­tuko zaizkie. Izen-­emateko epea lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago bukatuko da.

 

Sariak

Sariei dagokienez, benjamin, alebin, infantil eta kadeteen mailan dominak banatuko dira eta gainerakoei kamisetak banatuko zaizkie. Horrez gain, Leitzan hazi edo erroldatuta daudenen artean, lehenengo, bigarren eta hiruga­rren sailkatutako herritarrek trofeoak eskuratuko dituzte.

Gainerakoan, kategoria kontuan hartu gabe, gizonezkoetan lehen sail­katuak 200 euroko saria jasoko du, bigarrenak 140 euro; hirugarrenak 80 euro eta laugarrenak 50 euro. Emakumezkoetan lehenak 100 euro irabaziko ditu, bigarrenak 70 euro, hirugarrenak 40 euro eta laugarrenak 25 euro.

Andres Perezek egindako 29:49ko marka hobetzen duenak beste 150 euroko saria hartuko du, eta axuriak ere ba­natuko dira taldeka: gizonezko seniorretan las­terketa 48 minutu baino gutxiagotan egiten duten bost laguneko taldeak axuria hartu­ko du sari gisa; emakumezko seniorretan 38 minutu azpitik egiten duen hiru laguneko taldeak ere bai; beteranoetan 50 minutuko denbo­ra egiten duten hiru gizonezkoen taldeak eta emakumezko beteranoetan 30 minutu azpitik egiten duen hiru laguneko taldeak ere axu­ria hartuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun